jueves, 8 de mayo de 2014

LHUIko Ikasleak Done Jakue Bidean

LHUIko IKASLEAK DONE JAKUE BIDEAN

'Euskal Herriko Historia' izeneko ikasgaiaren ikasleak gelatik irten dira done Jakue bidea ezagutzeko asmoz, apirilak 13, 14 eta 15 egunetan. Helburua, Erdi Aroan dokumentatua zegoen bidea eta honekin loturiko historia eta artea ezagutzea, jorratzea eta sakontzea zen. Baina done Jakue bidea luze luzea denez Arabako lurraldeak gurutzatzen den bide-zatia egitea zen gure erabakia. Alde batetik hurbiltasunagatik, bestetik Euskal Herriko historiaren barruan egoteagatik, eta askenik jorratu nahi genituen arlo guztiak bide-zati honek biltzen zituelako. Guztira, 53 kilometro hiru etapan, Gipuzkoako Zegama udalerrian hasita Gasteiz hiribururaino, mendia eta lautada lotuz.

Hasierako etapa ederrena da, baita gorabeheratsua. Basoan barrena doan galtzada-bidea eta San Adriango tunela ikur bihurtu dira. Azken honetan historia bera arnasten da, handik igaro diren errege erreginak, merkatariak,

atzerriko pertsonaiak, XVI. mendeko diplomatikoak, bidaiariak, erromesak, eta abar. Gero, jaitsierak Arabako Lautadaraino eramaten gaitu, lautaden lautada, herri txikiz josia: Zalduondo, Araia, Galarreta, Ordoñana... eta guztien artean Agurain-Salvatierra, erregeak fundatutako hiribildua. Oraindik ere nabaritu genuen honen iraganeko garrantzia. Beste hiribildu pila daude bide hertzeetan: Alegria-Dulantzi, Burgelu, Villafranca.


Ez dugu gauza handirik ikusi, ikasleek askatasuna izan behar dute, baina ikusi ditugunak paregabeak dira: Aguraingo Santa Maria, Gazeoko elizaren orma-irudi gotikoak eta erromaniko estiloko Estibaliz santutegia. Lehenengo mailako artea, baina dosifikatua. Eta amaitzeko aipatu behar da gure arteko bizikidetasuna, ikasleentzako bikaina. Askotan, gelan ezagutzen ez ditugun ikasleen nortasuna, merituak eta trebetasunak hemen, halako eginkizunetan, gelaz kanpoko ekintzetan, ateratzen zaizkie. Benetako baloreak dira, eta ezaguera horrek gehien aberasten nauena da, nire ordainsaririk kutunena. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario